Ostiralean eta larunbatean, hilak 27 eta 28, TADAMUM Elkarteko boluntarioek elikagaiak eta higiene-produktuak bilduko dituzte herritarren artean hiriko zenbait merkataritza gunetan
Maite Cruzado Gizarte Ongizate eta Lankidetzako ordezkariak eta Miren Olaskoaga TADAMUNeko idazkariak gaur goizean azaldu dituzte egun hauetan egiten ari diren ekintzak, Algeriako Tindoufeko kanpamentu sahararretarako elikagaiak eta higiene produktuen bilketarekin loturik. Ekimen hau “Sahararen aldeko VIII. Euskal Karabana: Piztu itxaropena” kanpainaren barruan dago; saharar herriaren aldeko larrialdi proiektua da hori, Euskadiko hainbat elkartek bultzatua; Irunen TADAMUM Txingudiko Sahararen Lagunen Elkarteak koordinatzen du Irungo Udalaren laguntzarekin.
Maite Cruzadok adierazi du “ekimen honek funtzio garrantzitsua betetzen duela ahalik eta elikagai gehien iristarazteko zenbait kanpamendutara; egia da nazioarteko laguntza jasotzen dutela aspaldidanik, baina hala ere elikagai gabeziako egoera pairatzen dute ez dutelako behar adina jasotzen; horregatik, berebiziko garrantzia du behar dituzten elikagaien multzoa osatzen saiatzea”.Saharako Ilargi Erdiak eta Emakume Sahararren Elkarte Nazionalak deia egin dute egoera honen aurrean, izan ere ondorio latzak baititu biztanleen bizi-kalitatean, bereziki haien osasunean, elikadura-urritasunagatiko patologiak handitzen eta beste gaixotasun batzuei aurre egiteko gaitasuna gutxitzen direlako.
Horretarako, ostiralean eta larunbatean, hilak 27 eta 28, TADAMUM Elkarteko boluntarioek elikagaiak eta higiene-produktuak bilduko dituzte herritarren artean hiriko zenbait merkataritza gunetan: Alcampo, NETTO Mendibil, DIA (Ventas eta Mendibil), EROSKI (El Pinar eta Juan Arana), BM (Anzarán eta Anaka) eta Super Amara. Era berean, urtarrilaren 23tik 27ra bitartean ere produktuak biltzen ari dira ikastetxe hauetan: Elatzeta, Dunboa-Lehen Hezkuntza, Belaskoenea, Lekaenea Hirubide, San Vicente de Paul eta Toki-Alai-Bigarren Hezkuntza. Eta Udal Euskaltegian ere bai. Urtarrilaren 30etik otsailaren 3ra bitarte Txingudi Ikastolan egingo da bilketa. Horiek horrela, Miren Olaskoagak eskerrak eman nahi izan ditu “ekimen honen aurrean ikastetxe eta merkataritza gune horiek guztiek erakutsi duten jarrera onagatik”. Hala ere, TADAMUN lagundu nahi duten pertsonentzako bere kontaktu datuak eman nahi ditu; produktuak biltzeko dauden txandetan parte hartzeko (ostiralean eta larunbatean) edo astelehenean bildu diren elikagaiak gordetzeko bidali baino lehen (Traperos de Emaús, Anakan). Kontaktu zenbakia 666501350 da eta helbide elektronikoa Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu da.
Gehien eskatzen diren produktuak hauek dira: azukrea, arroza, pasta, egoskariak, atuna eta sardinak oliotan; baita zapi higienikoak ere –emakumeentzat oinarrizko eta ezinbesteko higiene produktua- kanpamenduetan oso zaila izaten baita lortzea; horregatik, zapiak biltzea eta bidaltzea erabat egokia eta beharrezkoa da.
Bilketa amaitzen denean, produktuak -beste herri batzuetan bildutako gauzekin batera- kamioetan bidaliko dituzte Algeriako Tindoufeko saharar errefuxiatuen kanpamentuetara; karabana hori otsailean-edo aterako litzateke. “Programa hau eta Frente Polisarioarekin Irungo Udalak oraintxe berritu duen hitzarmena, eta orobat babesten ditugun antzeko beste ekimen batzuk, oinarrizkoak dira munduko alderdi horietako bizi-baldintzak hobetzeko eta bide horri jarraitu nahi dio, hain zuzen, gure arloak lankidetzaren alorrean”, esan du amaitzeko Maite Cruzado ordezkariak.
| < Aurrekoa | Hurrengoa > |
|---|








