Datorren igandean urtarrilak 29, Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Kalean Kantuz ekitaldia bueltatuko da. Azken bost urtetan Ion Ugarte eta Arantxa Lasalderen eskutik hilean behin euskaraz abesten egon direnek, berriz ere aukera izango dute gauza bera egiteko, oraingoan musikari berriekin, Benito Zubeldia eta Aitor Ansaren eskutik.
Txomin Sagarzazu Euskarako zinegotziak dioenez, “bost urtetan Ion Ugarte eta Arantxa Lasaldek lan bikaina egin dute, baina epe bat bukatu da, eta Euskara Zerbitzutik beharrezkoa iruditzen zaigu Kalean Kantuz antolatzen jarraitzea, euskal kantuak mantendu, babestu eta hedatzeko asmoarekin jarraitzeko asmoa dugu eta Udaletxetik. Hileroko laugarren igandean izango da”.
“Hitzordua San Pedro Kaleko Azeri Elkartearen parean izango da eguerdiko 12etan. Udal Euskara Zerbitzutik deialdia luzatzen diogu nahi duen guztiari ekitaldi honetan parte hartzeko” gehitu du Sagarzazuk.
Bertaratzen direnei euskal kantuez osaturiko kanta-sorta banatuko zaie, eta kantatzeari ekingo zaio giro ezin hobea sortuz.
| < Aurrekoa | Hurrengoa > |
|---|







